MONDRAGON Health VI. jardunaldia, SEDISA eta Barrualde-Galdakao ESI
2014ko abenduaren 3an
OSASUN-ARLOKO 150 ADITU BAINO GEHIAGOK OSASUNAREN KUDEAKETARAKO EREDU BERRIAK AZTERTUKO DITUZTE BIHAR GALDAKAO-USANSOLO OSPITALEAN
- Herritarren eskura dauden eta etorkizunean egongo diren teknologia sanitarioak zein diren azalduko dute.
- Iñigo Lamarca Iturbe arartekoak hitzaldi magistrala emango du, “Los ciudadanos y los servicios sanitarios” (herritarrak eta osasun-zerbitzuak) izenburupean
- Bertaratuko diren adituek sakon aztertuko dute erakunde sanitarioen berehalako etorkizuna: lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren arteko integrazioa
Osasun-alorreko 150 profesional baino gehiagok Estatuko erakunde sanitarioetan ezartzen ari diren kudeaketa-eredu berriak aztertuko dituzte bihar, 2014ko abenduaren 3an, Galdakao-Usansolo Ospitalean (erreferentzia-zentroa Osakidetzaren Barrualde Galdakao-Usansolo ESIn).
Ekitaldiaren lema “Los Servicios Sanitarios y los Ciudadanos” (osasun-zerbitzuak eta herritarrak) da, eta MONDRAGON Health VI. jardunaldiaren barruan egingo da. Aurtengo edizioa Barrualde-Galdakao ESIk eta Osasuneko Zuzendarien Espainiako Elkarteak (SEDISA) batera antolatu dute. Zehazki, 2015eko martxoaren 9tik 13ra Elxen eta Alacanten egingo den XIX. Ospitaleen Biltzar Nazionalaren aurreko jardunaldia da.
Roche diagnostics eta Abbvie enpresek babestu dute jardunaldia, eta 09:15ean inauguratuko dute MONDRAGON Healthen zuzendari nagusi Mikel Alvarez Yereguik eta SEDISAko presidente Joaquin Estevez Lucasek. Jarraian, Iñigo Lamarca Iturbe arartekoak hitzaldi magistrala emango du, “Los ciudadanos y los servicios sanitarios” (herritarrak eta osasun-zerbitzuak) izenburupean.
10:30ean emango zaio hasiera programa osatzen duten bi mahai-inguru tematikoetako lehenari. Osasun-zerbitzuak emateko eredu berriei buruzkoa izango da. Moderatzaile-lanetan Osakidetzako Integrazio Asistentzial eta Kronikotasun Zerbitzuko buru Andoni Arzelay arituko da, eta osasun-sistemen kudeaketan ibilbide luzea duten ospe handiko profesionalak ere bertan izango dira.
Lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko integrazio asistentzialaren erronkak sakon aztertuko dituzte, bai eta profesionalek eguneroko lanean eginkizun hori nola gauzatu behar duten ere.
Zehazki, bertan egongo dira Jaume Sellarés Sallas, EAP SARDENYA enpresaren zuzendaria; César Pascual Fernández, Marqués de Valdecilla unibertsitate ospitaleko zuzendari kudeatzailea; Roberto Nuño Solinís, O+Berri Osasun Berrikuntzarako Euskal Erakundearen zuzendaria; Pilar Regulez Ariño, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari medikoa; eta Amaia Etxebarria Altuna, Integrazio Asistentzialeko zuzendaria.
Bigarren mahai-inguru tematikoa 12:30ean egingo da. Zenbait aditu entzutetsu izango dira protagonista bertan eta, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendari Antonio Arraiza Armendarizen agintepean, herritarrek teknologia sanitarioarekin duten hartu-emanaren zirrikituak azalduko dituzte.
Gai horren inguruan elkartuko dira honako hauek: Asier Aztiria Goenaga, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Biomedikoko koordinatzailea; Jose Miguel Azkoitia Artetxe, TECNALIAko OSASUN arloko Negozio Garapeneko zuzendaria; Miguel Ogueta Lana, Osakidetzako osasun-informazio eta kudeaketako zuzendariordea; Aitor Ezkerra Fernandez, IKERLANeko Mikrosistemen Sailaren arduraduna; eta Amaia Benito Pumarejo, ACEDE Etxeko Klusterreko H-Enea Living Lab ekimeneko antropologoa).
Gai-multzo horretan bilduko diren profesionalek azalduko dute zein diren herritarrek eskura dituzten eta etorkizunean eskura izango dituzten teknologia sanitarioak, eta baliabide teknologiko horien erabilgarritasunaren berri emango dute. Azkenik, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari kudeatzaile Jon Guajardo Remachak jardunaldian zehar azaldutakoa laburbilduko du, eta amaiera emango dio ekitaldiari.
———————————————————————
redaccion@gipuzkoadigital.com GipuzkoaDigital.com 2 Diciembre 2014
Donostia San Sebastián
Foto GipuzkoaDigital.com © Donostia San Sebastián
- Publicado en Noticias de Donostia San Sebastián Gipuzkoa Euskadi