COEGIko Txertaketa Batzordeak gomendatu du Astra Zenecaren txertoarekin ezarritako txertaketa planari eustea
- Gogorarazi dute segurua dela eta tronbosi kasuen intzidentzia «oso-oso txikia» dela (%0,0006 inguru); «COVID-19 gaixotasunagatik gaixotzeko arriskua baino askoz txikiagoa da, eta gaixotasun horregatik hiltzen dira Espainiako kasuen %2,3, azken datuen arabera».
- Txertaketa Batzordearen ustez, gobernuek hartutako neurriek lagundu egin dute txerto horren inguruan nahasmen handiagoa sortzen. «Ebidentzia zientifikorik gabe, erabiltzeko mugak ezarri dira EMAk ezarritako jarraibideen aurka», gaineratu dute.
Donostia-San Sebastian, 2021eko apirilaren 13a.- Azken egunetan Astra Zenecaren txertoari buruzko mezu kontraesankorrak zabaltzen ari direla eta, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) Txertaketa Batzordeak txerto horren inguruko erabateko lasaitasun mezua helarazten die herritarrei: “Txerto segurua da, medikamentuen Agentzia Arautzaileek ebaluatu duten, sendagaiak erregulatzen dituzten hainbat agentziak ebaluatu duten bezala, horien artean egonik Medikamentuen Europako Agentzia (EMA)».
Azpimarratu dute farmako guztiek nahi gabeko albo ondorioak dituztela eta txerto horiekin deskribatutakoak arinak izaten direla oro har. Gogorarazi dute tronbosi kasuak jakinarazi dutela Astra Zenecaren txertoa hartu zuten pertsona batzuengan, eta, horregatik, Medikamentuaren Europako Agentziak (EMA) eta Farmakozaintzako Arriskuak Ebaluatzeko Europako Batzordeak (PRAC) zehatz-mehatz ebaluatu zuten gertakari horiek txertoarekin izan dezakeen lotura. «Txertoarekin loturaren bat egon daitekeela ezarri da, baina ezin da kausalitate erlaziorik baieztatu. Kasu horien intzidentzia oso txikia da, eta COVID-19aren ondorioz gaixotzeko arriskua baino askoz txikiagoa«, azpimarratu du Rosa Sancho COEGIko Txertaketa Batzordeko arduradunak.
Txertaketan adituak diren profesional gisa, «beharrezkotzat jotzen dugu Astra Zenecaren txertoarekin zerikusia duten funtsezko alderdi batzuk ikuspegi zientifikotik soilik argitzea«.
- Hainbat erakunde zientifikok ebaluatu dute gertakari horien arriskua (Medikamentuaren Europako Agentzia, Medikamentuaren Espainiako Agentzia, OME, medikuntza eta erizaintzako elkarte zientifikoak, guztiak ala guztiak esperientzia zabal dutenak praktika klinikoan eta bakunologian), eta “ondorioztatu da agerraldi bakanek ez dutela txertaketa geldiarazi behar, onura askoz handiagoa baita egon daitezkeen arriskuak baino”.
- Astra Zenecaren txertoari lotuta jakinarazitako kasu horien intzidentzia %0,0006 ingurukoa da, eta hori oso bakana da, kontuan hartuta, COVID19ak eragindako tronbosiak ospitaleratutako kasuen %20-%25 direla, eta %5 sintomarik ez duten kasuetan. Erretzen badugu, tronbosia izateko probabilitatea %0,18koa da, eta antisorgailuak hartzen baditugu, %0,01ekoa. «Beraz, onura argia da: arrisku gehiago ditugu txertoa hartzen ez badugu«, azpimarratu dute COEGItik.
- Rosa Sanchorentzat, gobernuek hartutako neurriek lagundu egin dute txerto horren inguruan nahasmen handiagoa sortzen: «Ebidentzia zientifikorik gabe, erabiltzeko mugak ezarri dira EMAk ezarritako jarraibideen aurka», baieztatu du.
- «Gure herrialdean Astra Zenecaren txertoa erabiltzeko adinaren muga arbitrarioa izan da, eta ez da ebidentzia zientifikoan oinarritu», gaineratu du. EMAk onartutako txertoaren fitxa teknikoak 18 urtetik aurrera erabiltzea baimentzen du, goragoko mugarik gabe, «beraz, txertaketaren erritmoa hain motela denez, edozein adin taldetan erabili beharko litzateke».
COEGIko Txertaketa Batzordetik gogorarazi dute, halaber, 60 urtetik beherako milaka pertsona daudela dagoeneko Astra Zenecaren lehen dosia hartu dutenak, eta, txertaketa osatzeko planteatzen ari diren aukeretako batzuen aurrean “gure desadostasunik handiena adierazten dugu, argudio zientifikoetan oinarrituta”. Hau argudiatzen dute:
- Astra Zenecaren bigarren dosia ez emateak esan nahi du populazioaren talde hori babesaren %15eko murrizketarekin uztea. «Astra Zenecaren txertoak %81,3ko eraginkortasuna erakutsi du, 12 asteko tartearekin txertoaren bi dosi ematen direnean. Azterlanetan dosi bakarrarekin deskribatutako babesa %63,9koa da».
- Bigarren dosian txerto desberdin bat ematea: «orain arte ez dago bi txerto desberdin konbinatzen dituen jarraibide misto batek izango duen eraginari buruzko ebidentzia zientifikorik. OMEk eta hainbat elkarte zientifikok ez dute praktika hori gomendatzen ebidentzia zientifikorik ez dagoen bitartean».
Ildo horretan, Rosa Sanchok aipatu du ez dakigula ziur tronbo horiek zein mekanismorengatik gertatu diren, “baina litekeena da autoimmunitateko fenomeno bati lotuta egotea, eta, ondorioz, ez da espero izatekoa lehen dosiarekin ez bada arazorik egon bigarrenarekin egotea. Horregatik, gomendatzen dugu Astra Zenecaren txerto berarekin bigarren dosia ematen jarraitzea«.
Azaldu duenez, «segurtasun osoz jarri behar dugu txertoa baimendutako edozein txertorekin. Ezin dugu gaixotasun honek dakarren arriskua gure gain hartzen jarraitu: Espainiako COVID 19 kasuen %2,3 hil egiten dira, Osasun Ministerioaren azken eguneratzearen arabera».
Txertaketa Batzordeak gogorarazi duenez, «erizainek prebentzioaren bidez osasuna mantentzeko ere lan egiten dugu, eta, une honetan, gure helburu nagusia da herritar guztiak COVID-19aren aurrean babestea, txertoaren bidez». Horregatik, «osasun agintariei eskatzen diegu Astra Zenecaren txertaketa berrezartzea eta txertoaren fitxa teknikoan jasotako adin guztietan erabiltzea babesten duten elkarte eta erakunde zientifikoen gomendioak jarraitzeko«, gaineratu dute.
Rosa Sanchok, amaitzeko, hau esan du: «adinez nagusienak direnei txertoa azkar jarri behar diegu, 60 urtetik aurrera arriskua handitu egiten baita. Ezin dugu gehiago itxaron, txertoa hartzea geroratzen dugun egun bakoitzean gaixotasun larri bat izateko eta hiltzeko arriskua areagotzen da».//
- COEGI AstraZeneca
